Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskarazko aplikazio mugikorren biltegia

Liburua eta aplikazioa batzen ditu Galtzagorri elkartearen Maria Goikoa Batbirulau proiektuak

2015/02/27
Papera eta teknologia berriak uztartzea, tradizioa eta modernitatea batzea, literaturaz eta aisialdiaz euskaraz eta euskarri teknologiko desberdinen bidez gozatzeko aukera berri bat eskaintzea da Maria Goikoak batbirulau! app honen helburua.

Galtzagorri Elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin, XXI. mendeko euskarrietara ekarri du Euskarazko Haur Literaturako klasiko bat, Anjel Lertxundi eta Antton Olariagaren Maria Goikoak batbirulau! Liburuaren berezko izaera jostariari eutsiz, jolaserako proposamen berriak eta errealitate areagotuan birsortutako irudiak biltzen ditu Maria Goikoak batbirulau! app-ak: puzzleak, memoria-jokoak, hitz-jokoak, 7 desberdintasunak bilatzeko jokoak, abestiak, 2.5D efektuko irudiak, eta bestelako hainbat joko.

Oraindik liburua ez baduzu esku artean, liburutegietan edo ohiko liburu-dendetan izango duzu eskuragai. Ondoren, nahikoa izango duzu internet bidez Galtzagorri Elkartearen web gunera sartu eta bertan aurkituko duzun Maria Goikoak app-aren ikonoa klikatzea. Android eta iOS sistemetarako ikono bana aurkituko duzu bertan. Hortik, zuzenean Google Play edo Apple Store-ra helduko zara, eta bertatik dohainik deskargatu ahal izango duzu aplikazioa zure mugikorrera, tabletara edota ordenagailura.